Imprimer ce Post Imprimer ce Post

Ingurumena

Etxebizitza, bidaiak, hondarkinen biltzea, erregaien kontsumoa, ur zikinen tratamendua, eremu publikoak… Erronka guzti hauek lotuak dira eta politika orokor batean uztartu beharrekoak … Gure eguneroko bizia baldintzatzen dute bizi garen auzoetan. Eskala honetan da beraz biztanleen bizi ingurumena zehaztu eta antolatu behar.

Bizi garen auzoan, auzo guztietan, hitzarmen peko alokairua edo denek ordain dezaketen alokairua duten bizitegiak nahi ditugu. Aloitzea ez baita elikadura edo osasunaren kaltean izan behar. Lehentasunez bizitegi hutsak bete behar dira, beste batzuk eraiki baino lehenago. Energia kontsumo apala izango da eraikitzen edo zaharberritzen diren bizitegi guztietan.

Bizi garen auzoan, auzo guztietan, hurbileko saltegiak, artisauak, adineko jende eta haur tipientzako zerbitzuak nahi ditugu. Baita gune publikoak ere, jende guztien arteko harremanak ahalbidetzeko auzoan bertan.

Auzoz auzo mugitu nahi dugu, autoa baliatu gabe. Hirigunean, garraio publikoak garatzea hurrengo urteetako lehentasuna da eta bizitegi auzo berriak garraio sare honen inguruan kokatuko dira. Baionako hirigunea eta Errobi eta Aturri ibarrak, euskal kostaldea Donostiaraino garraio kolektiboen bidez elkarri lotu behar dira.

Baionan, auto aparkatzeak mugatuko dira, joan-jinak ahalbidetuz inguruko aparkalekuetatik. Gisa berean, oinezko eta bizikleta bide babestuek auzoak elkarri lotuko dituzte. Bizi garen auzoan, auzo guztietan, hondarkinen bilketa eta bereizketa hobetu behar da, birziklapena eraginkorragoa izateko eta hondartegiz kanpoko uzteak mugatzeko.

Bizi garen auzoan, auzo guztietan, ingurumena zaintzea lehentasuna dugu eta horretarako ibai uraren kutsadura saihesteko eta hondartzen kalitatea bermatzeko neurriak hartuko dira. Eremu naturalak eta biodibertsitatea zainduko ditugu eta energia berriztagarriak baliatuko ekipamendu publikoetan.

Bizi garen auzoan, auzo guztietan, erronka guzti hauei erantzuteko, hiriaren eta hirigune elkargoaren eskumenak eta baliabideak uztartu behar dira eta hirigune osoko « Tokiko hirigintzako plana » (PLU) bultzatuko dugu.